2012/12/27

Artazuko Andra Mari: telefonoa eta movie maker

Hemen duzue Artazugoikoko hiru ikaslek telefonoa eta movie maker programa erabiliz sortutako filma laburra: Artazuko Andra Maria.

 




2012/10/29

Spotbros: berehalako mezuetatik haratago

Abian da Spotbros,  WhatsApp moduko aplikazioa. Getxoztar talde batek sortutakoa da, eta aipatutako aplikazioak baino aukera gehiago ematen ditu (ikus beheko irudia). 
 
Mementoz, ingelesez eta gaztelaniaz dago.

 
Informazio gehiago nahi izanez gero, egin klik hemen.

2012/10/03

Katamotz: irakurketa eta idazketa errazteko

Katamotz bloga
Gaur, umeei irakurtzen eta idazten laguntzeko programa bat dakarkizuet. Programa, trebetasun horiek garatzeko zailtasunak dituzten umeentzat aproposa da.

Katamotz software askekoa eta doakoa da, Windowserako eta Linuxerako dugu, eta, gainera, euskaraz aritzeko aukera eskaintzen digu.

Hori gutxi balitz, programarako ariketak ere ditugu eskura: Windowserako eta Linuxerako.

On egin!


2012/05/29

Lur, amaraunean

Lur hiztegi entziklopedikoa eta Lur entziklopedia tematikoa Interneten eskuragarri ditugu edozein kontsulta egiteko moduan. Ea laster euskalbarren integratuta dugun...

Bertaratzeko, egin klik ikonoetan.







2012/05/28

Hodeia eta erabiltzaileon eskubideak

Behin baino gehiagotan, hodeiaren gainean hitz egin dugu blog honetan (informazioa gordetzeko eta kudeatzeko biltegiez ere bai). Kontua da enpresek eskainitako produktuak erabiltzen ditugunean, sarri, ez dugula argi zer eskubide ditugun. Bada, horren gaineko artikulu laburra  dakarkizuet gaur -laburpena, horma-irudi batean-.

Hona hemen artikulua eta posterra.

2012/05/17

Scribus, maketazio askea

Scribus
Oraingoan, Scribus dakarkizuet. Ez dakit edizio edo maketazio lanetan ibili zareten, baina horretan oso erabilia da ordainpeko Quark Xpress programa. Bada, dakarkizuedan edizio-programa hau doakoa (eta askea) duzue -euskaraz dago-. Horren bidez, kartelak, diptikoak, triptikoak... egin ditzakezue, baita egunkarien, aldizkarien eta liburuen maketazioa ere. Scribus programa plataforma guztietarako dugu (Linuxerako, Mac Os Xrako, Windowserako...), eta bertsio eramangarria dugu.

Hemen duzue Scribusen eskuliburua, euskaraz.

Informazio gehiago nahi izanez gero, honetara jo dezakezue. Beste tutorial bat, ariketak eta guzti, hemen.


Blender: 3Dtan marrazteko

Zibergela
Gaurkoan, Blender aurkeztu nahi dizuet. Egia esateko, ia bi hilabete dira honen berri izan nuenetik, eta zalantzan egon naiz berri hau argitaratzeko, baina, azkenean, hemen duzue hiru dimentsiotan marrazteko programa askea (eta doakoa). Blender  plataforma guztietarako daukagu (Linuxerako, Mac Os Xrako, Windoserako...), eta bertsio eramangarria ere badu (bakarrik Windowserako).

Hortaz, diseinu grafikoko lanak egiten ari bazarete edo ibili nahi baduzue, ez duzue aitzakiarik programa hau ez erabiltzeko.

Hemen duzue eskuliburua -ez dugu euskaraz (gaztelaniaz eta katalanez, bai)-.

Informazio gehiago nahi baduzue, egin klik hemen.

Adibide moduan, hona hemen programa honen bidez egindako filma: "Tears of Steel" -jakina, kode irekian dago, eta aukera dago testurak, musika eta filma zatiak beste lan batzuetan erabiltzeko-.